Jose Mari Illarramendi Halterofilia Saria – Emaitzak


Uztailaren 14an, larunbat arratsaldean, Jose Mari Illarramendi saria ospatu zen Zarauzko Malekoian. Eguraldi aproposa izan zuten eta txapelketa zarauzko halterofiliaren sustatzaile eta presidente izandako Jose Mari Illarramendi zenaren omenez zen aurtengoan. Kirol erakustaldia handia izan zen larunbatean, Akitania, Ziburu, Zizurkil eta herriko kirolarien eskutik, 19 jasotzaile guztira. Herri kirol erakustaldi bikainak ere ez ziren faltatu.

Bertaratutako taldeek maila handia erakutsi zuten larunbatean. Txapela Zizurkilgo Danena taldeko Teddy Martinezek eskuratu zuen, Abiada modalitatean 117Kg jasoz eta Kargatze Altxatzean 150Kg, guztira 318,62 puntu eskuratuz. Gainera, bigarren eta hirugarren postuak ere Zizurkilera joan ziren, Francisco Gonzalez eta Jon Sasiainentzat hurrenez hurren.

Taldeka, Zizurkilgo Danena taldea izan zen berriz ere garaile 1191,31 punturekin. Bigarren Akitaniako taldea geratu zen 1075,52 punturekin eta hirugarren postuan bigarrenarekin 79 puntuko diferentzian (996,83) Zarautz Kirol Elkarteko jasotzaileak. Sailkapena isten Ziburuko taldea geratu zen 748,43 punturekin. Sariak Zarauzko Udaleko Karmele Alberdi eta Javier Etxaburu zinegotziek, eta Esteban Collantes ZKEko presidenteak banatu zituzten. Amaieran Jose Mari Illarramendiren familiari Lore sorta eta omenduarentzat bereziki egindako oroigarri bat banatu zitzaien.

Halterofiliaz gain, halterofilia taldearekin entrenatzen duten harrijasotzaile eta aizkolarien esku herri kirol erakusketa apartak ere ikusi ahal izan ziren. Atsedenaldian Izeta II.arekin Urra eta Xabat gazteak aritu ziren harriarekin. Amaieran eguna borobiltzeko, Izeta aita-semeak (Jose Ramon eta Hodei) eta Landarbide ibili ziren harriarekin, beraien ikuskizun berezia erakutsi zigutelarik. Aizkorekin berriz, Mugerza aita-semeek (Fausto, Ugaitz eta Aratz) erakustaldi bikaina eskaini ziguten.

Honenbestez, ZKE-ko Halterofilia sailak eskerrak eman nahi dizkie babesle eta laguntzaile guztiei: Aiala sukaldaritza eskola eta Arguiñano sendiari, Zarauzko Turismo Bulegoa, Zarauzko Kirol Patronatoa, Kutxabank, Gipuzkoa Kirolak, Lecera kafetegia, Urquia, Otzarreta Artes Gráficas, NereSport eta Erne elektrizitatea.

ZKEhalterofiliako taldea astearte eta ostegunetan 19:00tatik 20:00tara izaten da Aritzbatalde kiroldegiko halterofilia aretoan entrenatzen, eta halterofilia ezagutu nahi dutenei gonbidapena luzatu nahi die.

Argazkiak: http://www.zkehalterofilia.com/gallery2/gallery/v/2012/ZS2012/

Eranskina Tamaina
zs2012_sailkapenak.pdf 46.86 KB