II. Jose Mari Illarramendi Halterofilia Saria: Emaitzak


Aurreko Larunbatean (uztailak 13), II. Jose Mari Illarramendi Halterofilia Saria izan zen Zarauzko Malekoian. Kirol festa handia izan zen Halterofilia txapelketa hau Aquitania, Anaitasuna eta Zarautz Kirol Elkarteko halterofiliako kirolariekin, eta hauekin batera, ZKEko Herri kirol sailaren erakusketa izan genuen.

Ekitaldiaren hasieran Imanol Zulaika zarauztar gazteak teknika erakustaldi bat egin zuen, halterofilia indarra bakarrik ez dela eta teknika menderatzea beharrezkoa dela kiloak arin jaso ahal izateko erakutsiz.

Bertako eta kanpoko talde guztiek maila handia erakutsi zuten eta II. Jose Mari Illarramendi saria Akitaniako Jonathan Michelek eskuratu zuen, guztira 260kg jasoaz. Bigarren, oso gutxigatik, ZKEko Stepan Tsirkin errusiarra suertatu zen 265kg jasoaz. Hirugarren postua berriz Akitania taldeko Fabrice Magrin beteranoak lortu zuen, urte askotan Frantziako txapelduna izandakoa eta gaur egun Akitania taldearen entrenatzailea.

Taldeka, Akitaniako taldea izan zen garaile 1049,93 punturekin. Bigarren, Stepan Tsirkin, Jon Mendizabal, Borja Bravo eta Wilfre Perezek osatutako Zarauzko lehen taldea 997,38 punturekin. Hirugarren, Zarauzko bigarren taldea, Ibon Eguzkiza, Manu Alfonso eta Jose Luis Albertinok osatutakoa. Azkenik Danel Lopez zarauztarraren Anaitasuna taldea. Sariak Aser Lertxundi eta Karmele Alberdi, Zarauzko Udaleko zinegotziek eta Esteban Collantes ZKEko presidenteak banatu zituzten.

Halterofiliaz gain, osatu berri den ZKEko Herri Kirol sailak eskainitako erakustaldi apartak ere ikusi ahal izan ziren, Izeta II. bera eta zuzentzen dituen gazteak aritu zirelarik lanean. Ekitaldiaren amaiera gisa, Aratz Mugertzak aizkolaritza erakustaldi bikaina egin zuen.

Honenbestez, ZKEko Halterofilia sailak eskerrak eman nahi dizkie babesle eta laguntzaile guztiei: Zarauzko Turismo Bulegoa, Zarauzko Kirol Patronatoa, Kutxa, Gipuzkoa Kirolak, Urquia eta batez ere Aiala hostalaritza eskolari eta Argiñanoren sendiari.

ZKEko halterofilia taldea Uztailean astearte eta ostegunetan 19:00tatik 20:00tara izango da Aritzbatalde kiroldegiko halterofilia aretoan entrenatzen, eta halterofilia ezagutu nahi dutenei gonbidapena luzatu nahi die.

P1610631 P1610723 P1610903 P1630235 P1630281 P1630415